Ken Zazpi – Eñaut Elorrietari elkarrizketa (osoa)

egilea: Irakutrezin

Orain dela hilabete batzuk agindu bezala (barkatu atzerapena!), hementxe doa Ken Zazpiri egindako elkarrizketa osoa:

Hitz  egiguzue Ken Zazpiren sorrerari buruz: taldea sortzearen ideia, nola elkartu zineten, zuen arteko harremana nolakoa den…

Gaur egun Ken Zazpin gaudenok Zabaleta Banden aritzen ginen. Zabaleta trikitilariarekin elkartu eta erromerietan jotzen genuen. Horrela erabaki genuen orain taldekide garenon artean talde bat osatzea. Bat egiteko grina txiki txikitatik izan nuen nahiz eta talde ezberdinetan jo. 2000. urtean elkartu ginen, Ken Zazpi izenarekin talde gisa. Hasiera hasieratik ados geunden zer nolako musika jo nahi genuen. Lehen kontzertua Lasarte-Oriako Jalgi Kafe Antzokian eman genuen urte hartan bertan, eta esan beharra dago eskenatokian jende gehiago ginela ikusten ari zirenak baino.

Gure artean tirabirak izaten ditugun arren, musikaren pasioak elkartzen gaitu, esan daiteke momentu honetan gehiago dela elkartze gaituena banantzen gaituena baino. Hasi ginenean baino batuago gaude, gehiago ezagutzen dugu elkar, taldekide bakoitzaren alderdi ilunak ere ezagutzen ditugu eta elkar jasateko gaitasuna daukagu. Esan daiteke, momentu honetan inoiz baino hobeto gaudela.

Zein zailtasunekin aurkitu zineten taldea osatzerakoan? Non entseatzen zenuten? Eta orain?

Pentsatzen dut gaur egun edozein taldek edukitzen dituen arazo berdinak eduki genituela. Hasieran gogo handia daukazu zeuk sortutako kantak jende aurrean jotzeko, baina ez da horren erraza. Garai batean, gaitza zen disko bat grabatzea. Lan handia egin beharra zegoen, eta diskoetxe batekin harremanetan jarri behar izan genuen. Pentsa, nik pasio eta lanerako grina berdina bera jarri nituen jo izan dudan aurreko taldeetan, baina ez genuen disko bat grabatzea lortu. Hala ere, aurreko taldeetan bizi izandako esperientzia baliogarria suertatu zait Ken Zazpin.  Beti entseatu izan dugu Gernikan, gure taldekide baten margo biltegi batean. Ondoan bizilagunik ez daukagunez, askatasun handia dugu musika lasai asko jotzeko, nahi dugunean joan gaitezke beraz.

Zein talde gehiagotan jo zenuen?

Lugarritz eta Zabaleta Band taldeetan. Hamabi bat urterekin hasi nintzen folka eta kantu tradizionalak jotzen eta erromerietan jartzen genuen giroa gehienbat.

Zertan oinarritzen zarete zuen katen letrak idazterakoan?

Arduratzen gaituzten gauzetan oinarritzen gara: maitasunaz dihardugu, maitemindu ere egiten garelako; maitasun gabeziaz, beti ere ez baitugu zorte ona izaten maitasunean;  faltan botatzen ditugun lagunez; euskal herrian bizi dugun egoeraz… Nik, adibidez, baditut preso dauden senide eta lagunak, eta asteburuetan haiek bisitatzera joaten gara. Malen (kantu baten izenburua) nire lagun horren alaba da. Bi taldekidek egiten ditugu letrak, behar bada horregatik oinarritzen dira gehiago guri gertatzen zaizkigun gauzak hitzetan. Gu arratsalde batean 18:00etan geratzen bagara, 21:00ak arte ez gara hasten entseatzen, gure gauzez hitz egiten hasten baikara, dauzkagun arazoez, bizipenak konpartitzen ditugu… Gustura egoten gara elkarrekin.Egiari zor, entseguetan denbora gehiago pasatzen dugu hitz egiten jotzen baino.

Zein da zuen kantarik gustukoena?

Ez dakit, ez dakit… Hori guraso bati zein seme-alaba duen gustukoen galdetzearen pareko da. azken finean gu kanta guztiak mimatzen saiatzen gara, nahiz eta kanta batzuk jendeari gehiago gustatzen zaizkion besteak baino. Beharbada gehien entzuten direnak baino gehiago aukeratuko nituzke besteak, agian pena gehiago ematen didatelako.

Nondik dator taldearen izena?

Zaila da esplikatzen. Ez dut guztiz erantzungo, baina zazpi zenbakiarekin dauka lotura. Zenbaki honek gustuko ditugun esanahiak dauzka: guretzat zenbaki sorgindu bat da, badauka sorginekin zerikusirik; zazpi lagunek hasi genuen proiektua; zazpi probintzia ditu Euskal Herriak; eta bestalde badauzka guretzat pertsonalak diren esanahi batzuk. Nolabait izenburu horrek laburbiltzen zituen gure baitan biltzen ziren esanahi guztiak, eta identifikatuta sentitzen gara zazpiarekin. 

Sorrerako unetik taldekide berberak izan al zarete?

Bai. Jon bateria eta Igor baxua Mundakakoak dira; Beñat, nire lehengusua, Busturiakoa da; Iñaki Zabaleta bilbotarra da, Jon Mikel Atxitxukoa eta ni berriz, gernikarra naiz. 

Musikaz bakarrik bizi al daiteke Euskal Herrian?

Kar kar kar (barrez) Beno, kontzertuak ematen ditugun garaietan, udan, girak egiten gabiltzanean, dirua irabazten dugu, baina hori taldekide guztien artean banatzen baduzu urte guztian zehar ez da asko irabazten duguna. Diskoak lantzen ari garen bitartean, ez ditugu kontzertuak ematen eta, beraz, ez dugu dirurik irabazten. Gainera, diskoak salduta irabazten dugun diruarekin hurrengo diskoa egiteko gastuak ordaintzen ditugu. Azken diskoa grabatzeko Los Angelesera joan ginen eta bertako produktore batekin lan egin genuen, horrek diru gastua suposatzen du. Beraz, ez dugu diru askorik irabazten. Irabazten dugun diruak ez digu ematen musikaz bizitzeko lain. Horretaz gain, gure helburua teknologia hobetzen joatea eta kontzertuak geroz eta ikusgarriagoak egitea da. Ondorioz, kontzertuetan irabazitako dirua horretan inbertitzen dugu.

Zein izan da kontzerturik hunkigarriena?

Asko egon dira. Adibidez, orain burura etorri zaidan lehena aipatzekotan, urte honen hasieran Kursaalean eman duguna, oroitzapen onak ditugu kontzertu hartaz.

Zenbat disko dituzue? Noiz izan zen lehengoa?

Lehen diskoa 2001. urtean kaleratu genuen Atzo Da Bihar izenarekin. Bigarrena 2002an atera genuen, Bidean izan zen bigarren disko hura. 2005ean Gelditu Denbora atera genuen, 2007an Argiak, 2008an zuzenekoa eta azkena 2010ean kaleratu genuen, Ortzemugak Begietan. 

Musikak langudu al dizue ligatzerako orduan?

Kar kar kar (barrez) Ez dakit…Ez dakit…

Nola ikusten duzue musikaren maila Euskal Herrian?

Maila ona dago. Nik uste dut Euskal Herrian musika ona egiten dela eta batez ere askotarikoa egiten dela. Gaur egun, edozein estilotako musika entzun daiteke euskaraz eta maila onekoa gainera. Nahiz eta herri txikia izan geurea, badaukagu musika egiteko grina, badaukagu kemena musikan aritzeko eta alde horretatik oso herri osasuntsua garela deritzot.

Euskara traba izan al da inoiz musika egiterakoan? Beste hizkuntza batean kantatzea pentsatu al duzue inoiz?

Nik ez dut gogoratzen euskaraz egitea erabaki genuenik. Gu euskaraz bizi gara, euskaraz mintzatzen gara eta musika horrela egiten dugu, euskaraz. Hizkuntzak mugarik ez duela uste dut. Mugak bestelakoak izaten dira, merkatuak jarritakoak kasu, baina musika zein hizkuntzari ezin zaie inolako mugarik jarri.

Eta honako loturan duzue aurrerapen gisara blogeak kaleratu genuen sarrera, non Eñautek galdera labur batzuei erantzuten dien: Eñaut Elorrietari elkarrizketa

Advertisements

Utzi iruzkin bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s