XXI. mendeko ardiak

egilea: jontolest

Saldu egin naiz azkenean. Sarea indartsuegia
da. Erakargarriegia. Eta onartzeak lanak ematen
dizkidan arren, menpekotasun itzela erakusten
dugu berarekiko. Zentzu guztietan gainera.
Egun, sare sozialik gabe ez gara deus. Zoriontsu
egiten al gaituzte bada? Ez dut uste. Ez ni behintzat.


Baina bai, beharrezko ditugula dirudi. Egunerokotasunean
ezinbesteko erreminta bihurtu
zaizkigu sare sozialak gazteoi.
Azkenean, eta luzaroan borroka egin
ostean, bukatutzat eman dut erresistentzia. Partisau
bat omen nintzen. Ardi beltza. Sare sozialek
harrapatuta ez zeukaten azken mohikanoa.
Alabaina, amaitu da nire guda. Etsi dut. Tristea
zait onartzea, baina beraien morbo, argazki eta
kolore biziek atzeman naute. Sistemaren atzamarretan
erori berri naiz. “Beste bat” bihurtu
naiz. Zenbaki. Kode bitar hotz bat. Kontrolatuta
edukiko naute hemendik aurrera. Eta hori guztia
jakin arren, Facebook, Tuenti eta Twitter-en kontuak
egin ditut. Gizagaixoa ni. Eta gainera, nebak
leporatzen didan bezala, hipokrita.
Konturatzen ez garen arren (edo bai),
artalde handi baten gisan gauzkate otzandurik.
Norbere txoko propioan, ahora jaten ematen ari
zaizkigun ardiak dirudigu. Bizirik irautea beste helbururik
ez duten ardi gaixoak. XXI. mendekoak.
Modernoak. Bakoitza bere bordatxoan sartuta,
ordenagailuari kate lodiz loturik, artzainak dena
eginda noiz ekarriko zain. Besterik ezean, eta horretarako
gaitasuna mantentzen badugu behintzat,
hausnarketa txiki bat eskatzen dut. Oraindik
ere, behin sare sozialen hautu lizun hau eginda,
libre garela uste duzue?
Nik ezetz uste dut. Benetan aske sentitzeko
Urbia edo Zelatungo larreetara jotzea bezalakorik
ez dagoela sinetsita nago. Oso politak
dira. Gutako askok ezagutzen ez ditugun arren.
XXI. mendeko ardiak garen aldetik, bertako belardietara
bazkatzera joan beharko genuke. Internet,
ordenagailu eta sare sozialez ahaztuta,
naturaz gozatzera. Uhinez haratago, hezur eta
haragizkoak garela sentitzera. Askotan ahaztu
egiten zaigu eta. Garai batean, ardiek beee!
egiten zuten. XXI. mendekoek klik!
Askotan pentsatzen dut ardiak gu baino
humanoagoak direla.

Tolest

all in all you’re just another brick in the wall

Ez ahaztu hori.

Advertisements

2 iruzkin to “XXI. mendeko ardiak”

  1. Artikulu hau jeniala da, zorionak jontolest!!

  2. Oso ona Jon, asko gustau zait! Arrazoi guzti-guztie daukezu..

Utzi iruzkin bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s