Eguraldiak barkatzen ez duenean…

egilea: blosarcos

Kutremailea: Beñat Los Arcos

Aste Santu garaia da eta horrek, gauza guztiek bezala, ideia ugari ekartzen dizkigu burura. Guztien gainetik, noski, oporraldia. Gehienontzat behintzat. Jada ahaztu samar daukagu zein den jaiegun hauen benetako arrazoia, gero eta laikoagoa den gizarte honetan. Eta hau ez da kritika bat, inondik inora. Baina oporrak opor dira, baita krisi garaian ere. Egoera zailetan atsedenaldi bat hartzeak, egunerokotasun monotonoaren eta ematen dizkiguten albiste gero eta ilunagoen larriduratik aldentzeko aukera eskaintzen du. Eta aprobetxatu behar.

 Harrigarria da halako estuasun larrian ere zenbat jendek antolatu dituen oporraldiak kanpoan. Bertako kaleak hutsik dabiltza azkenaldian. Egia esan, eguraldiak ere ez du horretan lagundu. Kanpora egin dutenen bidaietan lagundu ez duen bezalaxe. Zurbil baitago zerua, ezkutuan eguzkia eta kale eta etxeak estaliz euri-ura. Harrigarria da zelako gaitasuna eta erraztasuna duen eguraldiak planak bertan behera utzi edo, behintzat, trakesteko orduan.

 Ziur zuetako askok egin zenituztela planak Aste Santuari begira. Plan ederrak, zoragarriak (ahal zen neurrian, bederen). Eta ez zen gutxiagorako, gainera. Urte hasiera triste baten ostean, eguzkiak biziberrituta agurtzen gintuen egunero. Bi asteko kontua izan zen, ezta? Ahulezia zantzurik ez zuen erakusten, eta horrek Aste Santua animatzen zuen. Gero zapuzteko, noski.

Eta plan itzelak egitean, zein ondo pasatuko duzun pentsatzean, egingo duzuna imaginatzean, kolpea handiagoa izaten da. Itxaropenak zenbat eta gorago igo, orduan eta handiagoa da lurreraino dagoen distantzia. Eta eguraldiak barkatzen ez duenean… Barne sua pizten zaigu orduan, haserre edo etsipen forman, eta horrek oporraldiez behar bezala gozatzea galarazten digu. Eguraldiaren menpe bizi al gara?

Baina bizitzaren beste alderdi askotan ere gertatzen zaizkigu halakoak. Edozein egoeraren aurrean gure aurreikuspenak egiten ditugu. Onak ala txarrak. Eta amaiera onena aurreikusten duenak, horrek du galtzeko gehien. Betetzekotan pozik, baina kontrakoan jasoko duen kolpea izugarria izan daiteke. Norberaren izaerarekin lotuta dago hori, zalantzarik gabe. Baikorra izan beharra dagoela diote, baina ez al da arriskutsua? Ezkorrenak dauka ustekabe pozgarriak hartzeko aukera gehien, eta gaizki ateraz gero, ez du horrenbeste sufrituko. Edo bai. Hori ere norberaren izaerarekin doa, beharbada.

 Euria leihoaren bestaldera erortzen den bitartean, hainbesteren estresa arindu behar zuten oporren zapuzketak eragin du nire gogoeta. Denok egiten ditugalako gogoetak, eta askotan. Buruari bueltak ematea da kontua, gaia da gutxienekoa. Burua nekatzea, esango luke baten batek. Eta, agian, are estres gehiago pilatzea. Hara zer-nolako konponbidea nirea. Baina gogoetek gauzak pentsatzeko parada ematen digute, merezi duenari balioa emateko aukera eta, eguraldiak laguntzen ez duenean, baikor izan, kontuari garrantzia kendu eta ahal bezainbeste gozatzeko gaitasuna.

Eta aukera hoberik ezean, eguna triste dagoen une horiek hainbestean igarotzeko ere balio digute gogoetek. Pentsatzen, gure adimenak eta imaginazioak soilik ezagutzen duten mundu horretara joaten. Eta lasaitzen, agian. Edo gehiago estresatzen zuen? Batek daki. Baina gogoeta batetik beste batera egin dut salto, eta beldur naiz ez ote dudan hirugarren bat hasiko. Beraz, txorakeria gehiago esaten hasi aurretik, isildu egingo naiz.

Azken batean, oporraldiak bukatuko dira, jendeak lanera itzuli beharko du, ohiko gauzak egin, betiko arazoei (eta berriei) aurre egin, eta guztia ahal bezain ongi eraman. Eta bihar ere euria egingo du. Edo ez, jada amaitu da Aste Santua.

Advertisements
Laburpen hitzak: ,

Utzi iruzkin bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s