Gobernuaren langilerik finenak

egilea: blosarcos

Oharkabean aritzen dira, baina etengabe. Ezagunak dira oso, baina inork gutxik esango luke gobernuaren langile direnik. Eurek ere ez. Eta, hala eta guztiz ere, ezinbesteko papera jokatzen dute, agintariek hartu beharreko erabakiak har ditzaten… edo beste modu batera esanda, nahi dutena egin dezaten. Eta jendea konturatu gabe, ahal bada.

Behar duten tresnarik garrantzitsuena dutelako kirolak, orokorrean, eta futbolak, zehazki: distrakzioa. Eta Eurokopa pil-pilean dagoen honetan, herrialde bakoitzaren futbol selekzioa da distrakzio horren iturri. Futbolak, berez, jendea entretenitzen badu, herrialdea ordezkatzen duen taldeak itsutu egiten du gaur egun. Erabat itsutu ere. Ez dio errealitatea (errealitate gordina) ikusten uzten, ez benetako arazoez jabetzen. Soilik euforia, golak, garaipenak… Ez dago besterik pertsona guzti horien ilusiozko mundu horretan.

Espainiako kasura jo dezakegu. Krisi ekonomikoa, langabezia, pobrezia, etxerik gabe geratzen den jendea, jatekorik ere ez duena… Guztiak ikusezin. Existitu ere ez dira egiten askoren begietara, euren atentzioa beste puntu batzuetara bideratu delako: Eurokopa eta Espainiako futbol selekzioa.

Gogoeta xume bat: Mariano Raxoiren gobernuak erreskatea eskatuko zuela gori-gorian zegoen egun horietan, ziur espainiar gehiagok zekiela futbol selekzioak hurrengo partidan aterako zuen hamaikakoa, erreskate hori zer demontre den baino.

Batek pentsa dezake bizi duen egoera zailaren erdian zoriontasun uneren bat bilatzen duela jendeak. Eta izan liteke. Baina batak ez du zertan bestea zapaldu. Futbolaren baitan poza bilatzea eta erabateko distrakzioaren menpe egotea ez dira gauza bera. Futbol partida batek ez du bi orduko iraupena ere, eta eguna oso luzea da, uneoro horretan pentsatzen aritzeko. Norberaren arazoekin itsutzea ere ez da kontua, baina hortik zure etorkizuna bideratuko duten erabakietaz ez jabetzera badago tartea.

Ekintzek bere kasa hitz egiten dute. Azken egunotan Espainiako prentsan, eta gizartean oro har, oihartzun handiena izan duen eztabaida honakoa izan da: Espainiako selekzioak aurrelari gabe jokatzen du. Ez dakit, aizu, beharbada berebiziko garrantzia izango du…

Edozein kasutan, hedabideak dira gizartea distraitzeko bide ematen dutenak. Are gehiago, askotan eurak dira distrakzio hori bultzatzen dutenak. Eta ez herriaren mesedetan. Mahai gainean jartzen dituzte jendearen hizketagai eta eztabaidagai izango direnak, eta hautu horretan futbolak pribilegiozko postua badu, ez dago krisirik, ez pobreziarik, ez langabeziarik, ez goserik eta ez beste arazorik. Eta ikusmolde horrek funtzionatu dezake unean-uneko poza (edo lasaitasuna) lortzeko, baina epe ertain-luzera ez die ezer konponduko. Arazoei axolagabekeriaz aurre egiten baino ez die lagunduko. Ezer onik ez, beraz.

Hortaz, hedabideen bitartekaritzaz lagunduta, bere langile gisa ditu Raxoik Espainiako futbol selekzioko kideak. Distrakzioa, jendea gainetik kendu eta kritikak baztertuko dizkion arma indartsua. Berak ere agerian utzi du, nolabait, garrantzia handiagokoa dela Eurokopa, konpondu beharko lituzkeen arazoak baino. Eta bata eta bestea, eta jende askoren inozokeria, tortila eginda dugu. Futbolak argituko du etorkizuna, konponduko ditu arazoak. Edo ez dago arazorik? Batzuek ez dituzte ikusi nahi, besteek ez dute ikusterik nahi. Eta denak itsu. Baina telebistaren aurrean.

Advertisements
Laburpen hitzak: , , ,

2 iruzkin to “Gobernuaren langilerik finenak”

  1. Ez al da futbola herriaren opio bihurtu?

    Erabat ados Beñat!

  2. Oso ona Beñat. Hitzez hitz partekatzen dut zuk esandakoa! a ze mundua…

Utzi iruzkin bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s