Atzo 21. mendeko lehen aurkikuntza zientifikoa lortu zen CERNean. Higgsen bosoia, 40 urtez zientzialarien buruhaustea izandakoa, badirudi (%99,9999991ko probabilitatearekin) aurkitu dutela. Izan ere, duela 48 urte Peter Higgs fisikariak imajinatutako partikula, milaka ordu, beste hainbat zientzialari eta kontaezinak diren diru inbertsioen ondoren, existitzen dela esan dezakegu. Peter Higgs berak negar egin zuen berria entzundakoan.
Hala ere, Higgsen bosoia beste izen batez ere ezagutzen da: “jainkoaren partikula”. Zientzialari guztiei belarrietan min egiten dien terminoa da hau, heresia bat. Zergatik?
Modelo Estandarra deritzona planteatu zenean, bertan agertzen ziren elementu guztiak azaltzen joan ziren pixkanaka. Bazegoen bat, hala ere, bereziki iheskorra zena: Higgsen bosoia. Hori zela eta, Leon Lederman zientzialariak liburu bat idatzi zuen elementu honen berezitasunak azaltzeko. Liburuaren izena: “Partikula madarikatua” (The Goddamn Particle). Azkeneko momentuan ordea, editoreak, “madarikatu” hitzaren ustezko punch falta zela eta, “Jainkoaren partikula” (The God Particle) izena jarri zion liburuari. Zientzialariak berehala sumindu ziren.
Juan Antonio Martinez Caminok (Espainiar Apezpiku-Konferentziaren bozeramaileak) zera esan zuen bosoiaren berria entzundakoan: “Gizakiak gauzen jatorria bilatzen duenean Jainkoa saihestezina da”. Honek, dena den, bere gaiaren inguruko jakinduria falta nabarmen besterik ez du uzten. Higgsen bosoiak ezer gutxi baitauka “jainkozko”.
Utzi iruzkin bat