Hasieran, 5.000 milioi. Ondoren, 9.000 milioi. Gutxira, 19.000 milioi. Eta azkenik, 25.000 milioi eurotara iritsi dira Bankiaren beharrak. Espainiako hirugarren bankua denak, arrisku sariak bere gaitz kronikoa kutsatu balio bezala, bere beharrak denbora gutxian biderkatu zituen. Galtzetako poltsikoetan zuloak izaten direnean, konturatzerako, bertan zegoen diru guztia galdu dela ikusi eta tonto aurpegia izaten dugu. Bankiaren kasua ez da oso desberdina. Gobernuak ez zion behar adinako arreta jarri hasiera batean, eta jakina, diruak poltsikotik erortzen jarraitu zuen egunak pasa ahala. “Bankiari dagokionez, gauzak ezin okerrago egin dira” hauek izan ziren Mario Draghiren, Europako Banku Zentraleko presidentiearen, hitzak.
Baina zer pasa da Bankiarekin? Ez dira urrun geratzen inbertitzaileak iragarki erakargarrien bidez bilatzen zituzten garaiak. Badirudi, ziria sartu digutela nonbait.
2010eko abenduan, Caja Madrid, Bancaja, La Caja de Canarias, Caixa Laietana, Caja Rioja, Caja Ávila eta Caja Segovia batu ziren. Garai alaiak ziren haiek. Espainiako Bankuak berak bultzatuta, arazoak zituzten kutxa hauek batu ziren, denen artean euren arazoak konponduko zirelako ustean. Usteak erdi ustel, ordea.
Aktibo toxikoek Bankia itotzen zuten. Eta zer dira, bada, aktibo toxikoak? Diru eta etxe, lur edota bestelako jabetzen nahasketak dira. Arazoa zera da, jabetza hauen balioa desproportzionatu egiten dela. Hau da, etxeen prezioen jetsiera jakina bazen ere, hauei ustezko prezio oso altuak jartzen zizkien bankuak. Zertarako hau? Balantzeetan ustezko prezio hau ateratzen da, eta balantzeekin transakzio guztiak eramaten dira aurrera. Hala ere, saihestezina da dena azaleratuko den momentua, hau da, hain zuzen Bankiari gertatu ziona. Bankia, azken finean, globo-arrain bat besterik ez da izan. Globo-arrainak arriskua ikustean, ura hartuz puzten du bere gorputza, honela bere etsaiak beldurtzen baititu. Bankia, duela gutxi arte, arrain potolo-potolo bat zen. Bere barruan, ordea, ura bakarrik zegoen.
Euren egoera hain txarra izanda, zertarako, orduan, hainbeste kutxa batu? Kutxa hauen itxaropena aktibo toxiko desberdin hauek batzean, arazoak konpontzea zen. Magiaz edo, beste modurik ez baitzait bururatzen. Horrelakoa izango zen egoera, gutxi gorabehera:
Esandakoa gutxi balitz, egoeraren larritasunaren jabe izanda, eta bere galerak biztanleen artean banatzeko helburu bakarrarekin, Bankia burtsan sartu zen. Garai batean, 3,75 euro balio zituen akzioak gaur 0,56 inguru dabil, galerak imajinaezinak izan dira jende askorentzat (10.000 euro sartu dituenak adibidez, orain 1.500 inguru besterik ez ditu). Jende xumearentzat gainera, egoera ekonomikoa arazo nahikoa izango ez balitz bezala.
Erantzukizunak eskatzeko ordua iritsi da.