Mundu osoan zehar arituak dira euren kantak zabaltzen, jada metal musikako jaialdi handienetarako kontuan harturiko taldea, aurreko diskarekin METALLICAren biran parte hartzeko aukera ere izan zuten… eta Baionakoak dira. GOJIRAk “L ‘Enfant Sauvage”, bere estudioko bosgarren lana kaleratu berri du, gurean Heletako EH Zuzeneanen entzuteko aukera izan eta egun Estatu Batuetan zehar aurkezten ari direna. Death metala abiapuntu hartuta, euren 15 urteko ibilbidean zehar uztartu dituzten musika esperimental, perkusio erritmo komplexu eta ahots urratu nahiz garbien bitartez, euren izaera propioa eraiki dute, entzun eta berehala iparraldekoen musika dela ohartarazten diguna.
Diskoak taldearen estilora dakarren berritasun nagusia kanten proportzio epikoak nabarmen hazi direla da. Gitarra riff boteretsuenak Joe Duplantierren ahots urratuarekin elkartzean, edo estribillora iritsi eta ahots garbiak sartu nahiz gitarren zatiak sentimenduz betetzean, musikak entzulearengan transmitzen duena benetan sakona da, zirraragarria. Hauxe da “Explosia”, “Liquid Fire” edo “Mouth Of Kala” bezelako kantuek azaltzen digutena, musika doinu ikusgarriak, begiak itxi eta naturaren paraje sakonetan murgiltzeko modukoak. Lau musikariak bikain jarduten dira euren instrumentuetan eta horrek talde emaitza ezinhobe batera gidatzen ditu; 2008an kaleratu zuten “The Way Of All Flesh” diskaren aurrean bezala sentituz beste behin, entzuten ari garen lanaren mailak guztiz gainditzen gaitu, eta norberak galdetzen dio bere buruari ea talde honek mugarik baduen…
“Planned Obsolence” edo “Pain Is A Master”en hasierako bateriaren blast beat basatiak “The Guift Of Guilt” edo “Born In Winter”en giro ilun eta etsigarriekin nahasten dira; horixe baita “L ‘Enfant Sauvage”, lan bortitza eta leuna, liluragarria eta depresiboa era berean. Mundu mailan urteko diskorik onenetakoa izatera deitua dago GOJIRArena, ezpairik gabe. Soinu askorik egin gabe, Baionako laukoteak aurrera egin du pausoz pauso, gaur egun diren kalitate itzeleko taldea bihurtu arte. Orain arte bezala lanean segi ezkero, 80. hamarkadako talde klasikoek erretiroa hartzen dutenean, iparraldekoek metal musikan mundu osoko erreferentzia nagusietako bat bilakatzeko aukera handiak dituzte!
Utzi iruzkin bat