Panel bat San Mamesen…

by blosarcos

“Berdin kostatzen da Zuazoren babesle nagusia izatea edo San Mamesen publizitate panel bat jartzea. Eta hala ere, bigarrenari ematen diote lehentasuna enpresek. Ulertezina da”. Imanol Magro Berriako kazetariarenak dira adierazpenak. Babeslerik gabe dago Zuazo, Barakaldoko eskubaloi taldea, nahiz eta emakumezkoen ohorezko mailan egon. Soilik instituzio publikoetatik jasotzen du dirua. Eta San Mamesen, berriz, panelak publizitatez beteta egoten dira beti.

Argi dago futbola dela, kirol munduan, indar handiena duena. Eskubaloiarekin alderatzen saiatzeak ere ez du merezi. Batak hedabideetan, jendearen solasaldietan eta zaleen burmuinetan leku izugarria betetzen duen bitartean, bestea gustuko dutenek bakarrik ikusi, komentatu eta jarraitzen dute. Ez, ez dago alderaketa posiblerik. Horri generoen kontua gehitzen zaio. Ez dut nik mundua deskubrituko. Emakumeen kirolak ia ez du lekurik hedabideetan. Kirolaz ari garenean, normalean gizonezkoen kirolaz ari gara soilik. Penagarria da, baina hala da. Ez dago zalantzarik, Athleticek askoz ere gehiago saltzen du Zuazok baino. Horraino, ados.

Baina adibideak ez dira berberak. Ez da gauza bera estadioan panel bat jartzea edo taldeak bere elastikoan enpresaren izena eramatea. Edo, are gehiago, hedabideetan taldeaz mintzatzen direnean, enpresaren izenarekin ezagutzea. Ez da burugabekeria, inondik ere. Bestela, jo dezagun Bera Beraren adibidera. Orain urte gutxi, Akaba zen taldearen babeslea. Eta zein izenez ezagutzen zuen jendeak? Bada, Akaba Bera Bera ez zenean, Akaba soilik. Beraz, argi dago enpresak bere izena hedatzea lortu zuela.

Eman dezagun Akabak berak publizitate panel bat jartzen duela Anoetan. Hainbesteko indarra lortuko luke? Erreparatuko al luke inork panel horretan? Hori da beste kontu bat, kartel horiek zenbaterainoko indarra duten. Partida bat ikustera zoazenean, jokoari begiratzen diozu adi. Ez dut uste inor hasiko denik panelei begiratzen. Izango dutela eragina jendearengan? Ziur, bestela enpresek ez lituzkete jarriko. Baina talde baten babesle izateak adina…

Interesgarria izango litzateke hori ikertzea. Zenbateko eragina duen, enpresaren irabazietan, eskubaloi talde baten babesle izateak, eta zenbatekoa futbol estadio batean panel bat jartzeak. Baina ikerketa hori egitea gure esku ez dagoenez, bi kasuren konparaketa proposatzen dut. Batetik, aurretik aipatutako Akaba. Hedatu, behintzat, hedatu da, esan bezala izen horrekin ezagutzen zuelako jendeak taldea. Eta bestetik, expekt.com aipatu nahiko nuke. Bai, apostu enpresa horrek panelak ditu San Mamesen (edo bazituen behintzat). Egia esateko, nik ez dut ezagutzen expekt.com, eta are gutxiago, ez nekien San  Mamesen publizitate panelak zituenik.

Beraz, Imanolen adierazpenen harira, bere ulertezintasuna konpartitzea besterik ez zait geratzen. Futbolak (eta gizonezkoenak, zehazki) duen indarra ezagututa ere, dirua alferrik botatzea iruditzen zait estadioetan publizitatea jartzea. Edo dirua gaizki xahutzea, akaso. Badaudelako aukera hobeak, eta eskubaloia bezala (emakumezkoena izanda ere), beste kasu asko egongo direlako, oso errentagarritasun handikoak. Baina enpresek jartzen dute dirua, eta eurek jakingo dute zertan gastatu nahi duten (baita gaizki gastatu ere).

Ezin esan, ordea, soilik enpresaren baitan eragina duenik. Zuazok ez badu babeslerik, talde apalagoa osatu beharko du. Berdin beste eskubaloi taldeek ere, edota beste kiroletakoek. Eta azkenean, zenbat eta diru gutxiago mugitu emakumezkoen kirolean, indar gutxiago izango du, eta jendeak gutxiago jarraituko du. Eta horrekin, enpresei ez zaie interesatuko talde horietan publizitatea jartzea. Baina zer doa lehenago? Oiloa eta arrautzaren istorioa da…

Gizonezkoetan eta emakumezkoetan kirolaren baitan dauden aldeak mintzagai ditugula, txirrindularitzako Munduko Txapelketei aipamena egin nahi nieke. Joan den asteburuan ospatu dira, Herbehereetan, eta hainbat kategoriatan lehiatu dira ziklistak. Haien artean, noski, elite mailako gizon eta emakumeen iraupen proba. Lehena igandean, bestea larunbatean, baina telebistan ikusgai izan ziren biak. Bada, ziur gehienek ikusi zutela igandekoa, Philippe Gilbert belgikarraren erakustaldia barne. Eta ziur, baita ere, inork gutxik ikusi zuela larunbatekoa, emakumezkoena. Hautaketa kaskarra, baina. Ederra izan zen Gilbertena, bai, baina are ederragoa izan zen Marianne Vos herbehereetarrak, etxean ari zela, txapeldun izateko egindakoa. Zoragarriak izan ziren azken 35 kilometroak (orduan egin baitzuen aurrera, Cauberg mendatean), eta zoragarriak bere hiru erasoak, guztiak Caubergen bertan. Ikusgarria izan zen lasterketa, ez ahazteko modukoa. Baina, noski, emakumeak ziren lehiatzen zirenak…

Jarraiko bideoan ikus ditzakezue lasterketako azken kilometroak:

Advertisements

Utzi iruzkin bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s