“Askatasunaren adierazpena isiltzeko saiakera izan zen Eginen itxiera” Jon Altuna, Egineko kazetari ohia

egilea: jontolest

Jon Altuna kazetari bergararrak boligrafo eta ordenagailuari lotuta eman du bizitzaren zati handi bat. Eginen lanean hasteko aukera suertatu zitzaion Kazetaritza ikasketak egiten ari zela. Gazterik. Bertan jardun du duela hamabi urte Espainiako Polizia Nazionalak Egin itxi zuen arte. Egun, Lasarte-Oriako Txintxarri herri aldizkarian dihardu.


Kutremailea: Jon Altuna

Argi, beldurrik gabe mintzo da itxieraz. Ezer egin ez eta zigortua izan denaren samina nabari zaio ahotsean. Adierazpen askatasuna urratu baino, askatasunaren adierazpenari hegoak moztu zitzaizkiola dio. Berak jakin gabe, Egineko langileek jakin gabe, ETAren parte ziren. Hitza ukatzen zitzaien horien bozgorailua isildu nahi izan zutela dio. Ez zutela lortu uste du, Eginen izpirituak bizirik dirauela sinetsita. Eta gogoan ditu oraindik itxieraren aitzakian kartzelaratuta dituen lagunak.


Nolatan sartu zinen kazetari? Argi zeneukan betidanik berriemaile izan nahi zenuela?
Ez neukan oso argi. Matematika asko gustatzen zitzaidan, kazetaritza ere bai eta hirugarren aukera bezala, Euskal Filologia nuen hautatuta. Gerora konturatu naiz Arte Ederrak ere ikas nitzakeela. Azkenean kazetaritza ikasi nuen, eta pozik nago. Hala ere, kazetari lanez gain, diseinatzaile lanak ere egin ditut. Oso gustura aritu izan naiz lan horretan ere. Lan desberdinak dira. Kazetaritzan denbora luzetxo daramadanean, diseinuan aritzeko grina pizten zait.

Gaur egun, Lasarte-Oriako Txintxarri aldizkarian zabiltza.
Egia esan, lan erraz eta polita da. Gertuko jendearekin egoteko aukera daukazu. Iruditzen zait herrietan ez dagoela beti alkatea elkarrizketatu beharrik. Kale garbitzaile edo bulego batean diharduenak, edo astero kultur etxera pintatzera doanak gauza interesgarriak konta ditzake.

“Eginek beste medioek isiltzen zituzten informazioak ematen zituen”

Gure fakultatean oso zabaldua dagoen ustea da kazetari ikaslea langabe geratu eta gosez hilko dela. Egun, nola ikusten duzu kazetaritza mundua?
Aldatu egin da kazetaritza. Oso mundu zabala da. Argi dagoena da, gaur egun prentsa idatziak duen etorkizuna ez dela batere argia. Egunkariek, aldizkariek… beste bide batzuk aurkitu behar dituzte. Orain arteko ereduak ez die balio. Irratia askoz ere zuzenagoa da alde horretatik. Prentsa idatziko albisteak zaharkituta geratzen dira Interneten eraginez. Nik uste, egunkariek iraungo badute, beste zerbait eskaini behar dutela. Balio erantsi bat gehitu behar diotela informazioari. Albisteen tratamendu sakonagoa, iritzia, zerbitzua…

Duela gutxi, otsailaren 2an, euskarazko 63 hedabide ez publikok editorial bateratu bat argitaratu zenuten. Gaur egun diru laguntza publikorik gabe posible da euskarazko hedabideak aurrera ateratzea?
Ez dago euskara hutsezko hedabide askorik maila nazionalean. Hala ere, herrietako aldizkari asko euskaraz kaleratzen dira, aldizkari horien helburua herrietako berri euskaraz ematea delako. Eta euskara galduko ez bada, laguntza jaso behar du. Lehenago kontrakoa egin zutelako. Euskara baztertu zuten bere garaian. Debekatu. Orain, gaztelaniaren mailan jarri eta euskaraz bizi nahi badugu, ezinbestekoak dira laguntzak. Bestela zaila izango luke euskal prentsak aurrera egitea. Nonbaitetik bizi beharra daukagu.

Zein aholku emango zenioke hasiberria den kazetari bati?
Ahalik eta modu irakurterrazenean idaztea, irakurlearengana heldu ahal izateko. Oso sinple, zehatz. Sintetizatzen jakin behar du kazetari on batek. Garrantzitsuena zer den erabakitzen abila behar du izan.

Zu zeu gazterik hasi zinen kazetaritza munduan lanean. Nola gogoratzen dituzu Eginen lanean hasi zineneko urte haiek? Eginen sorreratik bertatik aritu zinen bertan beharrean?
Egin 1977ko ekainean sortu zen. Ni oso gazte hasi nintzen, 1988an. Nire herriko berriemaile izateko aukera eman baitzidaten karrerako bigarren mailan. Fakultatean asko ikasten den arren, laneko esperientzia edukitzea funtsezkoa da. Egin badakigu nolako medioa zen. Beste medio batzuk isiltzen zituzten informazioak ematen zituen. Espazioa ez zeukatenei espazioa ematen zien. Diferentea zen. Ni sartzean, aldaketa bat izan zen egunkarian. Kolorea sartu zen. Talde gaztea ginen, ilusioz gainezka geunden. Ez geneuzkan gainontzeko medioek adina baliabide. Baina garai polit bezala gogoratzen dut. Lagun koadrila bat ginen ginen.

Nola zegoen banatuta Egin? Sailak, gehigarriak, sekzioak… Nolakoak ziren eta zeinetan aritu izan zara zu?
Sail ezberdinak zeuden. Kultura, Estatua, Kirola… Ni sail ezberdinetatik pasa naiz. Hasieran, Eibar, Bergara, Soraluze eta Elgetako informazioa emateaz arduratzen nintzen batez ere. Gerora proposatu zidaten Hernanira etortzeko. Lan oso ezberdina zen. Estatua eta Mundua sailetan egin bainuen lan. Asko lan egiten genuen sail horietan teletipoekin. Guri zegokigun aukeraketa egitea. Interesa zuten albisteak gordetzen aritzen ginen, etengabe aukeratzen. Ez zen lan erraza izaten.

Zer zihoan erdaraz eta zer euskaraz Eginen?
Kazetariak aukeratzen zuen. Baina Mundua eta Estatua sailetan lau orri bageneuzkan, bat euskaraz izan zedin saiatzen ginen. Euskarak bere presentzia testimoniala eduki izan du Eginen.

Iturria: flickr.com (Zubiete)

Itxieraren atalean murgilduko gara orain. Nola bizi izan zenuen 1998ko uztailaren 18 hura? Eta gerora Euskal Herrian bizi izan ziren mobilizazio ezberdinak?
Bitxia da. Haserre esnatu nintzen. Haserre zergatik? Berandu nindoan lanera. Ez nintzen garaiz esnatu. Egin Irratiarekin nuen iratzargailua aktibatuta. Eta Egin Irratia ez zegoenez, lo hartu nuen. Eziago poligonora joan nintzenean, poliziek hartuta zeukaten guztia. Eta sentitu nuen lehenengo gauza amorrua izan zen. Adierazpen askatasunaren alde dagoen edonork hori sentitu zuela uste dut. Baina segituan jarri ginen langileok martxan. Zortzi orritako buletin bat kaleratu genuen gau horretan bertan, Euskadi Información izenpean. Itxiera ostean euskal gizarteak asko lagundu zigun. Ordenagailuak utzi zizkiguten, eman ere bai kasu batzuetan. Gara martxan jarri ahal izateko ekarpen ekonomikoak ere egin ziren. Pertsonalki, Euskadi Informaciónen lan asko egitea tokatu zitzaidan. Eginen bertan diseinua eta infografiak egiten aritu bainintzen. Gehigarriak diseinatu, mapak egin… Kazetariek idatzitakoa txukun jartzea zen nire lana. Alde horretatik, egia esan oroitzapen ona daukat orokorrean. Baina bestalde, oraindik ere gogoratzen ditugu gure lagunak, langile ohiak, kartzelan daudenak. Javier Salutregi eta Teresa Toda zuzendari ohiak, Administrazio Kontseiluko kideekin batera kartzelan daude. Amesgaizto bat izan zen, eta oraindik jarraitzen du. Kartzela zigorrak bidegabekeria bat izan ziren. Gerora, Epaitegi Gorenak onartu zuen egunkaria ixtea gehiegikeria izan zela. Akatsa izan zela. Baina itxi egin zuten. Eta ez zen atzera bueltarik egon.

Iturria: flickr.com (Zubiete)

“Nik jakin gabe, ETAkoa nintzen Eginen lan egiteagatik.”

Egunkariaren auziarekin antzekoa gertatu da gerora.
Egunkariaren kasua antzeko izan zen. Baina behintzat, zorionez, auziperatuak aske geratu ziren. Eginen kasuan geratu ez zen bezala. Bi kasuetan argudio gisa hartu zen ETA. Beraiek jakin, gabe, nik jakin gabe, ETAkoa nintzen Eginen lan egiteagatik.

Etorkizunera begira Egin ostera kioskoetan ikusteko esperantzarik bai?
Ez. Gertatzen dena da guk Egin ezagutu dugula. Eginen espiritua bizi izan dugula. Beste modu bateko komunikabidea zen. Eta hori isildu nahi izan zuten. Bestelako trataera ematen zitzaion informazioari. Esan daiteke ez zela adierazpen askatasunaren kontrako erasoa izan, askatasunaren adierazpena isiltzeko nahia baizik. Emakumeak, gazteak, herri zapalduak… kontuan hartzen zituen Eginek. Beste medioek ez bezala. Askatasunaren txoriari hegoak ebaki nahi izan zizkioten. Baina gerora Gara eta Berria etorri zaizkigu zorionez.

Laburpen hitzak: , , , , , ,

Utzi iruzkin bat