Lasarte-Oriako San Pedro jaietako txupina
Irakutrezineko kutremaileen partez, festak goza ditzazuela (bakoitzak bere herrikoak eta baita ingurukoak ere) !
Maialen Chorraut herritarrak bosgarren amaitu du Europako piraguismo txapelketa
Ur bizietako txapelketan brontzezko domina gertu izan arren, bosgarren postuarekin konformatu behar izan du lasartearrak. Seu d´Urgellen ari dira aipatu txapelketak ospatzen.
Zorionak Maialen! Segi horrela.
Maialen Chorraut-i elkarrizketa (Audioa)
Iturria: Hiru Erregeen Mahaia, Euskadi Irratia.
Korrika Lasarte-Orian!
Korrika 17 /2011-04-17
Euskalakariz blaitu genituen herriko kaleak!
Pirritx, Porrotx eta Marimototxek ere eraman zuten lekukoa
Korrika 17
Orain egunerokoan erabiltzea besterik ez zaigu geratzen. Aupa Lasarte!
Lasarte-Oriako XVIII. Bertsopaper Lehiaketa 2011 // Lan sarituak
Gaurkoan Lasarte-Oriako XVIII. Bertsopaper Lehiaketako lan sarituekin gatozkizue.
__________________
Lapurra izatekotan
izan behar isila
polizia oso zaila
beti pistan bila
abogadoaren lagun
onena da sila
gauza asko daude ta
aukeratzen zaila
Andereñoa izaten
ume asko zaindu
modeloa izaten
denbora asko galdu
txirrindularitza da
azkar-azkar heldu
gaur erabakitzeak
zentzurik ba al du
Maialen Uribe (LH 5.maila)
__________________
Oso gaztea naiz ni
orain hamaika urte
gerora ikasleak
jasan beharko dute
nere zorroztasuna
maliziaren truke
handitan irakasle
izan nahiko nuke
Beti jarriko det nik
azterketa zaila
baina ni izango naiz
ona ta apala
umorez joango naiz
hori da normala
ni David, Unai eta
Izaskun bezala
Haizea Alvarez (LH6. maila)
__________________
Mubarak eta Gadafi
ez ditut batere maite
gerra guztiak askotan
gaizki bukatu ohi ute
sarri hainbeste hilketa
eta hainbeste atake
hiltzen dutenek bihotza
harriz egina daukate.
Gerrak utzi itzazue
oihuka dezagun fuerte
mundu osoan odola
isurtzen ari zarete
mundua aldatu dadin
arituko naiz jotake
bizirik dauden gerratan
bakea iritsi arte
Hila bonba jarri eta
mila ume hil dituzte
jendeari min egiten
gau ta egun diardute
aitona gerran hil zela
guraso(e)k esan digute
ta guztia puskatzeko
motibo gutxi daukate
baina ez dira geldituko
jende guztia hil arte
neri oilo haragia
jartzea lortu didate
gerra luzaro darama
ta hola segi dezake
ta mundua suntsituaz
min handia egin digute.
Lierni Rekondo (DBH 1. maila). Doinua: Habanera
__________________
Kaixo hemengo neska-mutilak
nik Iñigo dut izena
12 urtekin Landaberriko
ikastolan dabilena
gaur hemen nago zuen aurrean
kontatzeko nire pena
Zubietako errauskailua
hemen jarri nahi dutena
Ez nago ados Zubietako
errauskailuarekin
ez nago ados mendi hauetan
egin nahi digutenakin
gure herriak beteko dira
dena zabor ta hondakin
ikastola ere beteko zaigu
oso usai txarrarekin
Gure herria lehenago ere
dena fabrikaz betea
errauskailuak egingo dio
benetan errematea
entzun zazue politikoak
ta herriko alkatea
beste sistemak hobeak dira
hartzen atez atea
Agur hemengo neska-mutilei
ni banoa bihar arte
errauskailua jarriko dute
nahiz ta izan gure kalte
dena usai txar ta ke zikinaz
beteko dute Lasarte
hau da nik orain pentsatzetena
zuek zer uste dezute?
Iñigo Otaegi (DBH 2. maila)
__________________
Nire lagunarekin
oso haserre nago
eta jarraituko du
oso-oso luzaro
eta mutiko bat da
arrazoia klaro
gu biok konpontzeko
modurik ez dago
Mutiko hori polita
eta liraina da
ta asko gustatzen zait
bere begirada
eta berarengatik
borrokatzen gara
ta barkatuko diot
laster beharbada
Amaia Arruabarrena
Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolaren idatzia
Lasarte-Oriako Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak idatzi bat helarazi digu, gaur egungo beraien egoera azalduz:
_________________
KUKUKA Antzerki eta Dantza Eskolak Lasarte-Oriako herriari
Orain arte, lehen Landaberri Antzerki Eskola moduan eta orain KUKUKA Antzerki eta Dantza Eskola gisa, plazara atera garenean egindako edota egitear zeuden gure lanen berri emateko izan da. Eskolak egindako lana izan da protagonista, ez Eskola bera, alegia. Oraingoan, ordea, eta ez gure gustuagatik, kontrakoa gertatzen da.
Urte dezente dira Antzerkia, Dantza eta Euskara bultzatzearen alde gure Eskola martxan jarri zenetik. Gure helburuak eta filosofia ez dira aldatu ordudanik: Antzerkia eta Dantzarekiko zaletasuna eta heziketa soziala lantzea ikasleen formazioa pertsonala bultzatuz (harremanak, emozioen azalpenak, espresibitatea, elkartasuna…); Euskara bultzatzea; eta Lasarte-Oriako beste elkarteekin harremana eta elkarlana lantzea. Hau guztia modu ireki, herrikoi eta gardenean, beti ere. Langintza honetan, eduki, ezta grapagailu bat ere ez dugu. Irakasleen lanaz aparte, muxutruk egiten da dena hemen. Ez aterperik ez biltzeko lekurik ere ez dugunez, nomada ibili behar izaten dugu batetik bestera. Zentzu honetan, batere azpiegiturarik gabekoak izanik, bertutetsuak ez agian, baina birtualak izatearen kontzientzi sendoa dugu.
Gauzak horrela, gure lana baldintza egokiagotan aurrera eraman ahal izateko, aspaldiko eskakizuna dugu Udalarekin Hitzarmen bat sinatzea, horrek emango bailiguke oinarri sendo bat gure lana modu eraginkorragoan garatzeko. Asmo horrekin, gure eskaerak jasotzen zituen Txosten bat aurkeztu genuen iaz eta bilera bana izan genuen bai alkatearekin eta bai Kultura Saileko zinegotziarekin. Labur-labur, bost ziren planteatu genizkien eskaerak: 1) lokal bat, 2) Kultur Etxearen erabilera bermatzea, 3) gure irakasleen prestakuntzarako laguntzak, 4) Antzerki eta Dantzaren herriko programazioan parte hartzea, eta 5) egun jasotzen dugun diru-laguntza handitzea.
Prentsaren bidez ikusi ahal izan dugunez, Hitzarmen ugari sinatu ditu Udalak azken hilabete hauetan herriko hainbat elkarteekin. Ez da gure kasua izan, ordea. Guk 2010ari dagokion diru-laguntzaren ebazpena besterik ez dugu jaso. Eta, 2009koarekin alderatuz, igoera bat izan dugula esan behar dugu. Ez oso handia, 14 eurokoa baino ez, baina igoera azkenean, krisi garai hauetan nabarmendu beharrekoa; are gehiago duela bi urte izan genuen 200 euroko jaitsieraren ondoren. Bai, horiexek dira kopuruak: 1.200 euro jaso genituen 2008an, 1.000 euro 2009an, eta 1.014 iaz. Aurten… ikusteke dago.
Diru kopuru hauei tankera hartzeko, Eskolaren inguruan, ez puntualki, astero-astero baizik, mugitzen diren ume, gazte eta helduen kopuruekin alderatu behar dira. Duela bi ikasturte, 37 talde eta 470 ikasle inguru matrikulatu ziren. Iaz, 46 talde eta 550 ikasle inguru, 13 irakasleren gidaritzapean. Ikasturte honetan, 61 talde, 728 ikasle (660 inguru Lasartekoak) eta 19 irakasle. Beraz, matrikulatutako ikasle bakoitzeko urte osorako jasotako diru-laguntzaren bilakaera ondokoa da: duela bi urte 2,12 euro, iaz 1,84. Kopuruak ez dira handiak, eta bilakaera kezkagarria.
Dena dela, eta inportantea izanik, ez pentsa dirua denik guretzat inportanteena. Udalaren aldetik ondo baloratuak ez izatearen sentipena dugu, eta hori da, beste ezeren gainetik, faltan botatzen duguna. Behar genukeen konplizidadea botatzen dugu faltan. Ezen, apal-apal eta harrokeriarik gabe esanda, eskolarteko eta amateur mailan Lasarten Antzerki eta Dantzaren arloan gertatzen ari den fenomenoa eredugarria dela adierazi behar dugu. Inbidia sanoaz begiratzen gaituzte. Ez da zaila ulertzen, beraz, proiektuak merezi duela uste sakona izatea. Eta onena dena, ez gaudela erreta sentitzea. Ideia pila dugu martxan jartzeko eta prestatuta ikusten dugu gure burua irudikatzen ditugun ekimen eta ekintza berri horiek praktikara eramateko. Baliabide eskasia da gure ahuldade handiena. Orain arte lortutakoa sendotu, sakondu eta biderkatzea da gure erronka. Langintza horretan Udala nahiko genuke bidelagun izaten. Herritik eta herriarentzat sortuak izanik, gaur eta hemen, herriari transmititu nahi genion gure gogoeta hau. Zuei, alegia.
Lasarte-Orian, 2011ko martxoaren 15ean
Informazio gehiago Txintxarrin