Posts tagged ‘Lasarte’

2012/07/28

Gojira – L ‘Enfant Sauvage (kritika)

egilea: mikelyarza


Mundu osoan zehar arituak dira euren kantak zabaltzen, jada metal musikako jaialdi handienetarako kontuan harturiko taldea, aurreko diskarekin METALLICAren biran parte hartzeko aukera ere izan zuten… eta Baionakoak dira. GOJIRAk “L ‘Enfant Sauvage”, bere estudioko bosgarren lana kaleratu berri du, gurean Heletako EH Zuzeneanen entzuteko aukera izan eta egun Estatu Batuetan zehar aurkezten ari direna. Death metala abiapuntu hartuta, euren 15 urteko ibilbidean zehar uztartu dituzten musika esperimental, perkusio erritmo komplexu eta ahots urratu nahiz garbien bitartez, euren izaera propioa eraiki dute, entzun eta berehala iparraldekoen musika dela ohartarazten diguna.

read more »

2012/07/15

Parapetasonik 2.0

egilea: Irakutrezin

Metalaren inguruan, nazioartean hainbat musika festibal egiten dira: Sonisphere eta MetalFest esaterako, Ipar Euskal Herrian ere badugu Heletan urtero egiten den Euskal Herria Zuzenean jaialdi indartsua eta Lasarte-Orian berriz, Parapetasonik egiten da; aurten bigarrenez egin den metal eta rock´n´roll jaialdia.

2010ean Parapetasonik-en lehen edizioa egin eta 2011ko lehortearen ostean, larunbatean burutu zuten bigarren edizioa herriko metal-zale gazteek antolatuta.
Guztira, herriko zein inguruko zortzi talde aritu ziren Parapetoko oholtza gainean ahots urratuz eta gitarra kolpe sendoez ikusleak dantzan eta kantuan jartzen.

Kontzertu sorta polita
Zortzi kontzertu ikusteko aukera izan zen larunbatean, BeHatxeRoja eta Bloody Brotherhood donostialdeatik, Black

read more »

2012/07/01

Tamerlaÿn metal taldearekin solasean

egilea: mikelyarza

Tamerlaÿn, Lasarteko gazte batzuek sortutako metal talde bat da. Lasarteko festetara zetozela aprobetxatuz, beraiekin elkartzeko aukera izan dugu.

1 – ¿Noiz eta nola sortu zen Tamerlaÿn?

Kitxo: 2009 urte amaiera eta 2010 hasiera bitartean sortu zen taldea, Aitor, Pontxo eta ni Lasarteko parapetoan bertsio batzuk jotzeko geratzen hasi ginenean. Handik gutxira, hala ere, taldea uztea erabaki nuen nik.
Aitor: Bai, ordutik aurrera animatzen hasi ginen eta taldea osatzeko jende bila aritu ginen, lehenengo biak Jon Pérez (gitarra) eta Ivan Hernando (bateria) izan ziren.
Pontxo: Pixkanaka taldea forma hartzen zijoan baina baxujole gabe jarraitzen genuen eta gure lagun Iza animatu zen definitiboa aurkitu arte.
Aitor: Eta azkenik duela urte erdi Davidekin ensaiatzen hasi ginen. Denbora gutxi behar izan genuen taldekide egokiena zela konturatzeko.

2 – Taldea sortu zenetik beraz, formazio aldaketa asko izan dituzue ¿Nola eboluzionatu duzue honekiko? ¿Formazio hau denbora luzerakoa izango dela uste duzue?

Iván: Taldekide batek taldea uztea erabaki arren guregan geratzen da beregandik ikasi dugun guztia, eta gainera sartzen den taldekide berriak ideia berriak ekartzen ditu, oso aberasgarria da. Aldaketak beti dira delikatuak eta gauzak ondo tratatu ezean taldea hautsi daiteke, baina guri oraingoz ondo joan zaigu.

read more »

Laburpen hitzak: , , ,
2011/06/29

Lasarte-Oriako San Pedro jaietako txupina

egilea: Irakutrezin

Irakutrezineko kutremaileen partez, festak goza ditzazuela (bakoitzak bere herrikoak eta baita ingurukoak ere) !

Laburpen hitzak: , , , ,
2011/06/12

Maialen Chorraut herritarrak bosgarren amaitu du Europako piraguismo txapelketa

egilea: Irakutrezin

Ur bizietako txapelketan brontzezko domina gertu izan arren, bosgarren postuarekin konformatu behar izan du lasartearrak. Seu d´Urgellen ari dira aipatu txapelketak ospatzen.

Zorionak Maialen! Segi horrela.

Maialen Chorraut-i elkarrizketa (Audioa)

Iturria: Hiru Erregeen Mahaia, Euskadi Irratia.

Laburpen hitzak: , , , , , ,
2011/04/18

Korrika Lasarte-Orian!

egilea: Irakutrezin

Korrika 17 /2011-04-17

Euskalakariz blaitu genituen herriko kaleak!

Pirritx, Porrotx eta Marimototxek ere eraman zuten lekukoa

Korrika 17

Orain egunerokoan erabiltzea besterik ez zaigu geratzen. Aupa Lasarte!

Laburpen hitzak: , , , , ,
2011/04/01

Lasarte-Oriako XVIII. Bertsopaper Lehiaketa 2011 // Lan sarituak

egilea: Irakutrezin

Gaurkoan Lasarte-Oriako XVIII. Bertsopaper Lehiaketako lan sarituekin gatozkizue.

__________________

 

Lapurra izatekotan

izan behar isila

polizia oso zaila

beti pistan bila

abogadoaren lagun

onena da sila

gauza asko daude ta

aukeratzen zaila

 

Andereñoa izaten

ume asko zaindu

modeloa izaten

denbora asko galdu

txirrindularitza da

azkar-azkar heldu

gaur erabakitzeak

zentzurik ba al du

Maialen Uribe (LH 5.maila)

__________________


Oso gaztea naiz ni

orain hamaika urte

gerora ikasleak

jasan beharko dute

nere zorroztasuna

maliziaren truke

handitan irakasle

izan nahiko nuke

 

Beti jarriko det nik

azterketa zaila

baina ni izango naiz

ona ta apala

umorez joango naiz

hori da normala

ni David, Unai eta

Izaskun bezala

Haizea Alvarez (LH6. maila)

__________________


Mubarak eta Gadafi

ez ditut batere maite

gerra guztiak askotan

gaizki bukatu ohi ute

sarri hainbeste hilketa

eta hainbeste atake

hiltzen dutenek bihotza

harriz egina daukate.

Gerrak utzi itzazue

oihuka dezagun fuerte

mundu osoan odola

isurtzen ari zarete

mundua aldatu dadin

arituko naiz jotake

bizirik dauden gerratan

bakea iritsi arte

 

Hila bonba jarri eta

mila ume hil dituzte

jendeari min egiten

gau ta egun diardute

aitona gerran hil zela

guraso(e)k esan digute

ta guztia puskatzeko

motibo gutxi daukate

baina ez dira geldituko

jende guztia hil arte

neri oilo haragia

jartzea lortu didate

gerra luzaro darama

ta hola segi dezake

ta mundua suntsituaz

min handia egin digute.

Lierni Rekondo (DBH 1. maila). Doinua: Habanera

__________________

 

Kaixo hemengo neska-mutilak

nik Iñigo dut izena

12 urtekin Landaberriko

ikastolan dabilena

gaur hemen nago zuen aurrean

kontatzeko nire pena

Zubietako errauskailua

hemen jarri nahi dutena

 

Ez nago ados Zubietako

errauskailuarekin

ez nago ados mendi hauetan

egin nahi digutenakin

gure herriak beteko dira

dena zabor ta hondakin

ikastola ere beteko zaigu

oso usai txarrarekin

 

Gure herria lehenago ere

dena fabrikaz betea

errauskailuak egingo dio

benetan errematea

entzun zazue politikoak

ta herriko alkatea

beste sistemak hobeak dira

hartzen atez atea

 

Agur hemengo neska-mutilei

ni banoa bihar arte

errauskailua jarriko dute

nahiz ta izan gure kalte

dena usai txar ta ke zikinaz

beteko dute Lasarte

hau da nik orain pentsatzetena

zuek zer uste dezute?

Iñigo Otaegi (DBH 2. maila)

__________________

 

Nire lagunarekin

oso haserre nago

eta jarraituko du

oso-oso luzaro

eta mutiko bat da

arrazoia klaro

gu biok konpontzeko

modurik ez dago

 

Mutiko hori polita

eta liraina da

ta asko gustatzen zait

bere begirada

eta berarengatik

borrokatzen gara

ta barkatuko diot

laster beharbada

Amaia Arruabarrena

 


Laburpen hitzak: , , , , ,
2011/03/18

Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolaren idatzia

egilea: Irakutrezin

Lasarte-Oriako Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak idatzi bat helarazi digu, gaur egungo beraien egoera azalduz:

_________________

KUKUKA Antzerki eta Dantza Eskolak Lasarte-Oriako herriari

Orain arte, lehen Landaberri Antzerki Eskola moduan eta orain KUKUKA Antzerki eta Dantza Eskola gisa, plazara atera garenean egindako edota egitear zeuden gure lanen berri emateko izan da. Eskolak egindako lana izan da protagonista, ez Eskola bera, alegia. Oraingoan, ordea, eta ez gure gustuagatik, kontrakoa gertatzen da.

Urte dezente dira Antzerkia, Dantza eta Euskara bultzatzearen alde gure Eskola martxan jarri zenetik. Gure helburuak eta filosofia ez dira aldatu ordudanik: Antzerkia eta Dantzarekiko zaletasuna eta heziketa soziala lantzea ikasleen formazioa pertsonala bultzatuz (harremanak, emozioen azalpenak, espresibitatea, elkartasuna…); Euskara bultzatzea; eta Lasarte-Oriako beste elkarteekin harremana eta elkarlana lantzea. Hau guztia modu ireki, herrikoi eta gardenean, beti ere. Langintza honetan, eduki, ezta grapagailu bat ere ez dugu. Irakasleen lanaz aparte, muxutruk egiten da dena hemen. Ez aterperik ez biltzeko lekurik ere ez dugunez, nomada ibili behar izaten dugu batetik bestera. Zentzu honetan, batere azpiegiturarik gabekoak izanik, bertutetsuak ez agian, baina birtualak izatearen kontzientzi sendoa dugu.

Gauzak horrela, gure lana baldintza egokiagotan aurrera eraman ahal izateko, aspaldiko eskakizuna dugu Udalarekin Hitzarmen bat sinatzea, horrek emango bailiguke oinarri sendo bat gure lana modu eraginkorragoan garatzeko. Asmo horrekin, gure eskaerak jasotzen zituen Txosten bat aurkeztu genuen iaz eta bilera bana izan genuen bai alkatearekin eta bai Kultura Saileko zinegotziarekin. Labur-labur, bost ziren planteatu genizkien eskaerak: 1) lokal bat, 2) Kultur Etxearen erabilera bermatzea, 3) gure irakasleen prestakuntzarako laguntzak, 4) Antzerki eta Dantzaren herriko programazioan parte hartzea, eta 5) egun jasotzen dugun diru-laguntza handitzea.

Prentsaren bidez ikusi ahal izan dugunez, Hitzarmen ugari sinatu ditu Udalak azken hilabete hauetan herriko hainbat elkarteekin. Ez da gure kasua izan, ordea. Guk 2010ari dagokion diru-laguntzaren ebazpena besterik ez dugu jaso. Eta, 2009koarekin alderatuz, igoera bat izan dugula esan behar dugu. Ez oso handia, 14 eurokoa baino ez, baina igoera azkenean, krisi garai hauetan nabarmendu beharrekoa; are gehiago duela bi urte izan genuen 200 euroko jaitsieraren ondoren. Bai, horiexek dira kopuruak: 1.200 euro jaso genituen 2008an, 1.000 euro 2009an, eta 1.014 iaz. Aurten… ikusteke dago.

Diru kopuru hauei tankera hartzeko, Eskolaren inguruan, ez puntualki, astero-astero  baizik, mugitzen diren ume, gazte eta helduen kopuruekin alderatu behar dira. Duela bi ikasturte, 37 talde eta 470 ikasle inguru matrikulatu ziren. Iaz, 46 talde eta 550 ikasle inguru, 13 irakasleren gidaritzapean. Ikasturte honetan, 61 talde, 728 ikasle (660 inguru Lasartekoak) eta 19 irakasle. Beraz, matrikulatutako ikasle bakoitzeko urte osorako jasotako diru-laguntzaren bilakaera ondokoa da: duela bi urte 2,12 euro, iaz 1,84. Kopuruak ez dira handiak, eta bilakaera kezkagarria.

Dena dela, eta inportantea izanik, ez pentsa dirua denik guretzat inportanteena. Udalaren aldetik ondo baloratuak ez izatearen sentipena dugu, eta hori da, beste ezeren gainetik, faltan botatzen duguna. Behar genukeen konplizidadea botatzen dugu faltan. Ezen, apal-apal eta harrokeriarik gabe esanda, eskolarteko eta amateur mailan Lasarten Antzerki eta Dantzaren arloan gertatzen ari den fenomenoa eredugarria dela adierazi behar dugu. Inbidia sanoaz begiratzen gaituzte. Ez da zaila ulertzen, beraz, proiektuak merezi duela uste sakona izatea. Eta onena dena, ez gaudela erreta sentitzea. Ideia pila dugu martxan jartzeko eta prestatuta ikusten dugu gure burua irudikatzen ditugun ekimen eta ekintza berri horiek praktikara eramateko. Baliabide eskasia da gure ahuldade handiena. Orain arte lortutakoa sendotu, sakondu eta biderkatzea da gure erronka. Langintza horretan Udala nahiko genuke bidelagun izaten. Herritik eta herriarentzat sortuak izanik, gaur eta hemen, herriari transmititu nahi genion gure gogoeta hau. Zuei, alegia.

Lasarte-Orian, 2011ko martxoaren 15ean

Informazio gehiago Txintxarrin

Laburpen hitzak: , , , , ,